XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esan dezagun segituan sistema hau ez dela zientziaren arlo honetara iritsi berriari irudi lekiokeen bezain izugarria, zeren interesatu guztiek ongi ezagutzen baitituzte jokoaren betebehar erritualak.

Ondorioz, pertsona zentzudunak, liburuen kritikagatik eta hildakoen berri jakiteagatik irakurtzen ditu nagusiki soziologiazko argitarapenak, eta soil-soilik lan bila dabilenean edo bestelako azpikerietan ari nahi duenean joaten da bilera soziologikoetara.

Beraz, gure egunotako soziologian teknika estatistikoek duten nabaritasunak baditu halako funtzio erritual batzuk, aisa konprenitzekoak direnak begibistan edukitzen bada zein gobernu sistemaren barruan ari behar duten lanean soziologo gehienek.

Izatez, soziologo gehienek deus gutti dakite estatistikaz, eta beraren gainetik igarotzen dira halako errespetuzko beldurrez, jakinezaz eta ukitu izutiez, nola ibiliko litzatekeen herrixka ttar bateko apeza, teologia tomistako latinezko modulazio indartsuen gainean.

Halere, behin gauza hauetaz ohartzen garelarik, agerikoa izan behar da soziologia ez dela aberrazio horiengatik epaitu behar. Hala, nolabait esatearren, soziologikoki finduak bilakatzen gara soziologiari buruz, eta baita kanpo-itxurek estalpean eduki dezaketen edozein barne-birtute ikusteko gauza ere.

Datu estatistikoek ez dute berenez soziologia osatzen. Soziologikoki interpretatzen direnean, eta soziologikoa den erreferentzi marko teoriko baten barruan kokatzen direnean, orduantxe bihurtzen dira soziologia. Konputu hutsa ez da soziologia, eta ezta numeratzen ditugun klausula desberdinen korrelazioak ere.

Kinsey txosten famatuetan ez dago kasik soziologiarik batere. Horrek ez du esan nahi ikerketa horietako datuak benetakoak ez direnik edo ulerkuntza soziologikoa erdiesteko balio ez dutenik. Datu horiek, bere hartan harturik, interpretazio soziologikoan erabil daitezkeen lehengaiak besterik ez dira.

Interpretazioak, ordea, datuak berak baino liberalagoa izan behar du. Honela, soziologoa ezin da gelditu ezkontaurreko ukituen edo ezkontzaz kanpoko pederastiaren gaineko portzentu batzuetan. Xehetasun horiek esanguratsuak zaizkio soziologoari, baina bakarrik gure gizartearen baloreen eta instituzioen ulerkuntzarako dituzten inplikazio askoz ere zabalagoengatik, ez besterengatik.

Ulerkuntza horretara iristeko, sarritan soziologoak teknika estatistikoak aplikatu beharko ditu, batez ere bizitza sozial modernoko masa-fenomenoez diharduenean. Baina soziologian hain pisu erlatibo ttikia du estatistikak nola Euskal Filologian aditz trinkoen jokoak (bertoko adibide bat emateko); edota kimika guztian, entseiu-tutuetan usain txarrak ateratzeak.

Nahiko arrunta da gaur den egunean soziologoaren beste irudi bat, estatistikalariarenarekin estuki erlazionatua: horren arabera, soziologoa da pertsona bat bereziki metodologia zientifiko bat garatzen interesatuta dagoena, gero metodologia hori giza fenomenoei aplikatu ahal izateko.